Zortzi narrazio hauetan mugitzen diren pertsonaiak bezain protagonista dira haietan ageri diren egoera eta bizimoduak. Eguneroko bizitzan ez hondoratzeko lilura helduleku bakarra duten pertsonaiak, edota behinola lilurak baldintzatutako bizimoduak daramatzatenak. Irakurleak etengabean sentituko dituen taupadak bihotz narratibo indartsu batetik datoz: zentzumen eta jakin-minaren goseegarria bizimodu bilakatzen da liburu honetako zazpi ipuinetan eta kolofoi lana egiten duen `bizi kondaira literario-musikal`ean.
Pertsonaia guztiak dira pop kulturaren alabak; haientzat, argazkiak, abestiak, musika, artegintza edo estetika ez dira atsegin handiagoz edo txikiagoz dastatzen den zerbait. Bizitzeko era bat dira. Munduan egoteko eta mundua ulertzeko modu bat. Arteak eta bilaketa estetiko suharrak zorroztutako zentzumenek bizi dituzte ipuinotako pertsonaiak, eta gainera horri esker egiten dute baldintza makurrenetan ere aurrera.